Zer da be basque talent network?
Be Basque Talent Network gure herrialdearekin lotutako edo lotuta egon nahi duten goi-mailako prestakuntzadun profesionalen sare handiena da, euren jatorrizko lurraldea edozein dela ere.
Zein da bere helburua?
Mundu zabalean lan egiten duten profesionalak beste profesional batzuekin eta enpresekin harremanetan jartzea du helburu, talentuen mugimendua sustatzeko, harremanak sortzeko eta Euskadirekin harremana izan duten, daukaten edo eduki nahi duten guztien arteko harreman komertzialak bultzatzeko.
Nor dira bertako ustezko erabiltzaileak?
Bi eratako erabiltzaileak daude. Lehenengo eta behin, euren jaioterria, bizilekua, sektorea edo industria edozein dela ere, gure herrialdearekin lotuta egon nahi duten tituludun unibertsitario guztiak, beste profesional batzuekin edo enpresekin harremanetan egon nahi dutenean. Bigarrenez, Euskadin nahiz munduko edozein lekutan lanean ari diren profesionalekin harremanetan jarri nahi duten erakundeak, kontrataziorako aukerak aztertzeko, elkarrizketa komertzialei hasiera emateko edo, besterik gabe, elkarri laguntzeko.
Zer egin behar da? Nolako abantailak eskaintzen ditu?
Be Basque Talent Networken edo Bizkaia Talenten erabiltzaile moduan alta hartu ondoren, web orriak erabiltzaile-profil berezirako sarbidea emango digu, eta, bertan, lan-eskaintzak zein informazio ugari egongo dira ikusgai. Gainera, bertako zerbitzu nagusietarako sarbidea ere emango digu: Euskadiko ekonomiarekin, kulturarekin eta lanarekin lotutako zenbait gairi buruzko informazioa trukatzeko foroa eta bilaketarako tresna nagusia, Basque Talent Mapa, alegia
Tresna horrek ikusizko mapa eskaintzen digu, herrialdearen eta hiriaren arabera sareko erabiltzaileen lan-kokapena ikusteko. Era berean, beste zenbait irizpideren arabera ere bilatu ahal izango dugu geure nahierako profesionala edo enpresa: lan-sektorea, bizilekua edo sorterria. Prozesu horretan, gainera, erabiltzaileek euren harremanetarako datuetan zehaztutako pribatutasuna errespetatuko da beti. Horrez gain, gure herrialdean lan egiteko edo bizitzeko aukerarik izan ez duten profesionalei ere informazio erabilgarria eskaintzen zaie Euskadiko ahalmen teknologiko, zientifiko eta enpresarialari buruz, baita bertako kulturari, ohiturei eta bizi-kalitateari buruz ere.
Munduko herrialde antzinako eta aurreratuenetako batekin, Euskadirekin, lotuta dauden munduko profesionalen sareko milaka kiderekin bat egin.
Zeu ere “be basque”.
Bizkaia:talent-i buruz
Bizkaiko Foru Aldundiaren Sustapen Ekonomikorako Sailak bultzatuta eratu zen bizkaia:talent 2005. urtean, irabazi asmorik gabeko elkarte izaeradun ekimen bezala, misio argi batekin: Bizkaiko lurralde historikoan berrikuntza eta ezagutzaren prozesura oso ondo prestatutako pertsonak erakartzeko, lotzeko eta eusteko beharrezko baldintzen ezarpena bultzatzea eta laguntzea.
Bizkaiko hiriburua, Bilbo, Euskadiko eta Espainiar Estatuko iparraldeko gune ekonomiko eta finantzario nagusia da eta bere erakargarritasun turistikoek, Guggenheim delarik horietan nagusi, Euskadi osoko helmuga turistiko garrantzitsuena ere bilakatu dute.
Guztira, 83.706 enpresa daude Bizkaian, automobilaren, aeronautikaren, ingurumenaren, diseinu industrialaren eta ingeniaritzaren industriakoak direnak nagusiki. Jarduera horiek etengabe eboluzionatzen ari den enpresa-sare sendoa osatu dute eta garrantzia berezia daukate prestakuntzak, ikerketak, teknologiak eta talentuak.
Bizkaia:talent-ek lurralde baten garapenerako eragile nagusia dena sustatu eta indartu nahi du, giza kapitala, alegia. Horregatik, eta talentua erakartzeko gure helburua gauzatzeko, Euskadi osoko enpresa eta unibertsitate garrantzitsuen laguntza daukagu.
Helburuok lortzeko jarduera ezberdinak egiten ditugu:
- Talentuarentzako mesedegarri den ekosistema bat bultzatzen dugu ingurunean.
- Bizkaia, Bilbo hiriburua eta, oro har, Euskadi lan munduko helmuga-marka bezala promozionatzen ditugu lurralde historikoarentzat interes estrategikoa duten arloetako profesional, sortzaile eta ikertzaileen artean.
- Ondo prestatutako pertsonak identifikatzera eta Bizkaiko erakunde eta proiektuetan sar daitezen erraztasunak eskaintzera bideratutako zerbitzuak eta programak eskaintzen ditugu.
- Elkartearen estrategiarekin bat egiten duten sare sozialak eta praktikako komunitateak sortu eta garatzen ditugu.
- Gure erakundearen misioarekin lotutako ekimenetan, beste organismo publiko eta pribatuekiko harremanak koordinatu eta arintzen ditugu.
- Politika publikoko gomendioak lantzen ditugu eta bizkaia:talent ekimenaren misioarekin lotutako politiken diseinuan parte hartzen dugu.
Jarduketa hauekin guztiekin, esparru zientifiko eta teknologikoan eta enpresaren esparruan ondo prestatutako pertsonen kudeaketaren prozesuan euskal liderrak izan nahi dugu eta erreferentziazko eredua Europan. Gure zeregina, gainera, profesionaltasun, berrikuntza, enpatia eta hurbiltasun, dinamismo eta sormen balore sendoen gainean garatzen da.